lunes, 7 de mayo de 2007

URETAN-BLAI


Udako beroa iristearekin batera, uretan sartzeko irrikitzen gaude denok, dela itsasoan dela igerilekuan. Gutako gehienontzat uretan aritzea denbora pasa entretenigarria baino ez da, baina badira igeriketa serio hartzen duten hainbat. Horrelakoek, udan ez ezik neguan ere jotzen dute uretara. Euren bizimoduaren parte da igeriketa; zaletasuna izateaz gain lanbide ere badute. Igerilari profesionalez mintzo gara, jakina.

Baina goazen igeriketaren historiari gainbegiratu bat ematera. Igeriketa betidanik existitu da, alabaina, XVIII. mende amaiera arte itxoin beharko dugu harik eta lehen txapelketa ofiziala antolatu zuten arte. Tamesis ibaiak jaso zuen lehiaketa hartan Tom Morris nagusitu zen. Britainia Handian gertatu zen hori eta, hain zuzen, hantxe osatu zuten estreinako Igeriketa Elkartea, 1837an zehazki. Mende amaierarako, igeriketa txapelketak Australian, Zeelanda Berrian zein Europako zenbait herrialdetan igeriketa federazioak egituratzen hasiak ziren. Amerikako Estatu Batuetan 1870.eko hamarkadan igeriketa zaleen klubek lasterketak antolatzeari ekin zioten.




Aro Modernoan egin ziren lehen Olinpiar Jokoetan –Atenas hiriak jaso zituen 1896an- igeriketa ere egon bazegoen proben artean. Dena den, gizonezkoek soilik parte har zezaketen haietan. 1912a arte itxoin behar izan zuten emakumeek igeriketan ere lehiatu ahal izateko.

Urteek aurrera egin ahala, igeriketak, kirol gisa, nolabaiteko maila profesionala irabazten joan zen Europan ez ezik mundu osoan ere. Modu horretan, 1973. urtean estreinako Munduko Txapelketa antolatu zuten, eta orduz geroztik lau urterik behin egiten dituzte. Europako Txapelketa pixka bat goiztiarragoa izan zen: 1926an egin zuten lehen aldiz, Budapesten. 1927 eta 1947 urte bitartean bost txapelketa egon ziren; 1950etaik 1974a arte lau urterik behin egitea adostu zuten, baina 1981etik probak bi urterik behin antolatzen hasi ziren.

Igeriketa denboran oinarritzen den kirola dugu. Hau da, distantzia jakin bat igerian azkarren betetzen duena ateratzen da probetan garaile. Horregatik, azken hamarkadetan marka berriak ezartzea izan da igerilarien helburu nagusia. Zentzu horretan, gaur egun, hutsean geratu dira bere garaian Duke Paoa Kahanamokuk zein Johnny Weissmullerrek (Tarzan ospetsua) lortu zituzten marka ikusgarriak.

Igeriketa estiloak

XIX. mende amaieratik bost estilo biltzen ditu igeriketak: crawl delakoa (estilo librea), bizkarrekoa, bular-igeriketa, tximeleta-era eta alboko besakada.

- Crawl estiloaren arabera, igerilariak besoetako bat uretan sarturik du bestea airean duen bitartean, uretan sartzeko prest. Estilo honetan ezinbestekoa da arnasa modu egokian hartzea.

- Bular igeriketan, berriz, igerilariak ahuspez doa, besoak aurrera begira, eta haiek atzera mugitzen ditu uretan sartuz. Une horretan zangoak tolesten ditu berriro luzatzeko gero.

- Tximeleta-eran igeri egiterakoan, besoak atzera eta aurrera mugitu behar dira uraren gainean. Besoak etengabe mugitu behar dira, eta aldakek uhin-mugimenduak egiten dituzte.

- Bien bitartean, bizkarren igeri egiterakoan, igerilaria ahoz gora dago eta besoak alternatiboki mugitzen ditu.



IGERILEKUKO BESTE KIROLAK

Igeriketaz gain igerilekuan beste kirol batzuk ospatzen dira.

IGERIKETA SINKRONIZATUA.

Oraingoz emakumeek soilik egiten duten kirola da. Lehiaketa bi tarteetan banatzen da: derrigorrezko ariketak eta “rutina” deituriko koreografia. Bi lan horietan lortutako puntuak batu egiten dira.

Hiru lehiaketa mota bereiztu daitezke:
o Bakarkakoa.
o Binakakoa.
o Taldekakoa. Zortzi igerilarik osatutako taldeak izate dira.


WATERPOLOA.

Zazpi jokalariek osatutako taldekako kirola da. Gizon nahiz emakumeek jokatzen dute. Helburua baloia aurkariaren atean sartzean datza.
Lehiaketa zazpi minututako lau denboraz osatuta dago.
Debekatuta dago igerilekuko hondoan edo bazterretan heltzea.


JAUZIAK.

Gizon eta emakumeak parte hartzen duten kirol honetan bi lehiaketa daude: bakarkako jauziak edo binaka egiten diren jauzi sinkronizatuak.
Bi froga ezberdintzen dira saltatzen den altuera eta elementuen arabera:

o Palanka: 10 metrotara dagoen oinarri zurruna.
o Tranpolina: 3 metrotako ohol malgua.

Lehiaketaren helburua jauzi akrobatikoak egin eta uretan ahalik eta zipriztin gutxien ateriaz jauztea.



IGERILEKUA ERABILTZERAKOAN BETE BEHARREKO ARAUAK

Igeriketa lantzeko herriko igerilekura joango gera. Gogoratu igerilekua leku publikoa dela eta bertan arau berezi batzuk bete behar ditugula:

-Normalean gurekin batera jende gehiago egongo da igerilekua erabiltzen. Guri dagokigun kalea edo kaleak soilik erabili.
-Igerilekuko instalazioak, igerilekuko langileak, bai eta beste bezeroak errespetuz tratatu.
-Bainu txanoa derrigorrezkoa da igerilekuan sartzeko. Etxean ahaztu egin bazaizu sarreran edo sorosleari eskatu.
-Komenigarria da igeriketako betaurrekoak erabiltzea. Urak duen gehiegizko kloroa oso kaltegarria bai da begietarako.
-Kale berdinean jende gehiagorekin topatzen bagara denak zentzu berean igeri egingo dugu; hau da norbera bere kaleko eskuinetik joango da beti.
-Derrigorrezkoa da igerilekuan sartu aurretik dutxa hartzea, honela gorputzeko izerdi arrasto eta bestelako zikinkeriak garbituko ditugu.
-Igerileku ingurura ezin izango zara kaleko arropa edo oinetakorekin sartu.
-Lurrean egon daitezkeen onddoekin kutsatu ez gaitezen komenigarria da aldageletan bai eta igerileku ingurutan txankletak erabiltzea.
-Igerileku inguruan debekatuta dago korrika egitea. Lurra bustita egoterakoan lurrera erortzeko arriskua baitago.
-Bazkaldu ondoren bi edo hiru ordutako tartea utzi behar dugu, uretan sartu aurretik.
-Igerilekutik irten ondoren komenigarria da xaboiarekin gorputz osoa garbitzea, igerilekuak duen gehiegizko kloroa garbitzeko. Onddoekin kutsatu ez gaitezen komenigarria da dutxa amaitu ondoren gorputza eta zehatzago behatz arteak ondo idortzea.
-Txistua edo pixagura sartzen bazaizu gertuen dagoen komuna bilatu.
-Saiatu igerilekuko ura ez edaten, kloroak ez ditu gai guztiak garbitzen.
-Aldageletan ezin da jan; itxaron kanpora irten arte.


GURE IGERIKETA TEKNIKA HOBETZEN

Igeri estilo bakoitza menperatzea urte askotako lana da. Guk oinarrizko gomendio batzuk baino ez ditugu gogoratuko.


KROL

-Zangoak aldaka ingurutik mugitu behar dira eta ez belaunetatik.

-Txorkatila, luze eta erlaxatuta mantendu behar da.

-Oinak ez dira uretatik irten behar.
-Goitik ikusita eskuak “S” formako mugimendu bat egiten dute.

-Besoa kanpoko ibilbidea egiterakoan ukalondoa beti eskuaren gainetik joango da.

-Eskua uretan sartzen denean saiatu ahalik eta gehien luzatzen.


-Saiatuko gera gorputzaren posizioa horizontala izaten hau da ahalik eta “hidrodinamikoena” izaten.

-Airea albotik eta ahotik hartzen da eta ur azpian aho eta sudurretik botatzen da.
-Airea hartzerakoan komeni da bi aldeetatik egitea. Horretarako modurik egokiena hiru besakadaro egitea da.


IGELA

-Zangoen mugimendua igela baten mugimenduaren itsura hartzen du: Gorputza era bat luze dagoelarik; zangoek zuzen tolesten dira orpoak ipurdi aldera ekarriz. Hemendik eta ostikada baten bidez kanpoaldera ireki eta berriz elkartuko ditugu hasierako jarrera harturik.
-Azpitik ikusita eskuen ibilbidea bihotz baten forma marrazten du.


-Burua txandaka uretan sartzen eta ateratzen doa. Eskuak bular aldera bultzatzen dutenean burua aterako da airea hartzeko. Airea ur azpian askatzen da eskuak aurrerantz luzatzen diren bitartean.


BIZKARRA

- Zangoak aldaka ingurutik mugitu behar dira eta ez belaunetatik.

- Txorkatila, luze eta erlaxatuta mantendu behar da.
- Belaunak ez dira uretatik kanpo aterako. Behatz puntak apur bat baino ez dira kanpora aterako.



- Ostikada ez da oso sakona izango.


- Esku-ahurra uretan kanpoaldera begira sartzen da. Behatz txikia uretan lehenik sartuaz.
- Besoa aurrerantz luzatuta sartzen da eskua uretan. Besakada sorbalda paretik pasatzerakoan ukalondoa gutxi gora behera 90º tolestuta egongo da. Eskuaren ibilbidea izter aldean amaitzen da besoa luzatuta dagoelarik.

- Burua gorantz begira doa.

- Saiatuko gera gorputzaren posizioa horizontala izaten hau da ahalik eta “hidrodinamikoena” izaten.

- Saiatu zure ibilbidea zuzen mantentzen.


TXIMELETA

- Zangoen bi ostikada ematen dira eskuen besakada bakoitzeko. Beraz ostikada bikoitza da.
- Zangoak aldaka ingurutik mugitu behar dira eta ez belaunetatik.

- Txorkatila, luze eta erlaxatuta mantendu behar da.

- Goitik ikusita eskuak “sarraitzuloa” formako mugimendu bat egiten dute.

- Besoak airetik aurrera eramaterakoan ez ditugu oso altu eraman behar; hobe ur azaletik gertu eramatea.

- Gorputzak izurdearen uhin-higidura mugimendua gogorazten digun mugimenduarekin desplazatzen da. Mugimendu hau aldakan hasten da.


- Besakada egiten dugun bitartean burua uretatik ateratzen da airea hartzeko. Eta uretan sartzen da eskuak berriz uretan sartu aurretik.

martes, 1 de mayo de 2007

SIRENAK BEZALA IGERI EGINEZ


SIRENAK BEZALA IGERI EGINEZ

Hegatsekin igeri egin inoiz eta jarduera hori serioago hartu nahi duzula? Gipuzkoan leku bat baino gehiago dago hegats-igeriketako modalitate ezberdinetan aritzeko. Igeri egiteko era ezberdin bat duzu honako hau.

60ko hamarkadan sortu zenetik, hegats-igeriketaren bilakaera etengabekoa izan da. Itsasoan nahiz igerilekuan egin daiteke, eta ohiko igeriketak duen helburu bera du: igeri eginez distantzia jakin bat betetzea, ahalik eta denbora laburrenean. Baina kasu honetan, hegatsekin igeri egiten da, eta askotan hegats bakarrarekin.

Otsail amaieran hegats-igeriketako nazioarteko proba jokatu zen Ordizian. Nazioarteko espezialista onenak bildu ziren bertan, eta antolatzaile-lanetan Gorka Merino ordiziarra aritu zen. Gipuzkoako Urpeko Jardueren Federazioko hegats-igeriketako arduraduna ere bada, eta berak azaldu digunez, «ez da inolako ezaugarri fisiko berezirik behar honetan aritzeko»

Edonola ere aitortu digu ez dela kirol erraza. «Teknika nahiko zaila du, baina pixkanaka hori ere ikasten da. Zailena urpekaritzako tutua erabiltzen ikastea da. Igeriketan ibili denari askokostatzen zaio hodia jarrita igeri egitea; hala ere, igeriketatik datorrenak abantaila du hegatsekin igeri egiten hasteko».

Kirol ezezagun samarra izan arren, Merinok adierazi digu apurka-apurka leku bat egiten ari dela. «Ordiziako eskolan 50 bat ikasle ditugu, eta horietatik 30 bat 12-16 urte artekoak dira». Jakin-minak bultzatuta hasten dira gehienak, baina igeriketan gertatzen ez den bezala, modalitate honetan jendeak gehiago irauten du. «Igeriketan –dio Merinok–, 18 urterekin gazte askok utzi egiten dute; baina modalitate honek ordu gutxiago entrenatzea eskatzen duenez, jendeak gehiago irauten du». Ordizian ez ezik, Tolosa eta Zarautzen ere badira hegats-igeriketako taldeak. Bizkaian eta Araban ez dago talderik, eta Espainian, 25-30 bat dira guztira.

domingo, 29 de abril de 2007

MODALITATEAK




Ur gainean


Modalitate arruntena da, eta tutua ur gainetik apur bat ateratzen da. Hegats-bakarrarekin gorputzaren oreka gordetzen da, hankak gora eta behera astinduz. Trakzioaren mugimendua bular aldetik oinetarainokoa da eta izurde edo orken mugimenduaren antza hartzen du. 50 metrotik 1.500 metroko luzerako probak egiten dira.




Apnea


Ur azpian egiten dena da, arnasik hartu gabe, besoak luzatuta eta zangoekin trakzioa eginez. Proba amaitu arte aurpegia ezin da ur azpirik atera. 50 metroko probak egiten dira bakarrik.





Eskafandra


Ur azpian besoak luzatuta dituzu, eta horien artean aire konprimituz betetako burdinazko botila bati eusten zaio. Proba hauetan, aurpegia da ur gainera atera ezin daitekeen gorputz-atal bakarra.

viernes, 27 de abril de 2007

URPEAN ERE BADA IKUSTEKORIK !

Gizakioi airea arrotza egiten zaigu, eta zer esanik ez arnasa hartzeko ezinbestekoa dugun aire hori bera eskaintzen ez digun urpea... Baina, kasu horretan ere, bada naturak ezarritako muga horiek gainditzeko modurik.


Gure kostaldeak gogor pairatu du gizakiaren eragina, baina urpean baditu oraindik paraje ederrak, urpekaritza egiten dutenek soilik ezagut ditzaketenak. Horietako bat izan nahi baduzu, Donostian badituzu urpekaritza ikastaroak eskaintzen dituzten elkarteak eta, seguruenik, hastear dagoen Uda 2004 kanpainak aurten ere hartuko ditu kontuan jarduera horiek.

Urpekaritzak, gainera, modalitate asko ditu: hegats-igeriketa, aire-botilaz lagundutako urpekaritza, eskafandrismoa, apnea edota botilarik gabe egiten den urpekaritza... Oinarrizko urpekaritza-teknikak menderatu ostean, gainera, urpeko arrantzan edo urpeko argazkilaritzan treba zaitezkete.

Modalitate horien guztien oinarrian, ordea, betekizun bera dago: prestakuntza. Prestakuntzaren lehen urratsa izar bateko urpekari ikastaroa da. Ikastaro honek hamabost ikastaldi izan ohi ditu: bost teoriko, materialaren erabilera menderatzeko balio duten bost klase praktiko igerilekuan edota ur lasaietan eta, azkenik, bost klase itsasoan, urpekaritza zer den sentitzen hasteko.

Ondoren, bigarren izarraren bila abia daiteke urpekaria, hamabost urtetik gorakoa bada betiere. Aurreko kasuan bezala, adin txikikoek gurasoen baimena behar dute jarduera horietan parte hartzeko. Izar bakarrak 20 metro bitarteko sakonerara jaisteko baimena ematen du gehienez ere. Bigarren izarrak, berriz, 30 metrora jaistekoa. Hirugarren izarra lortzeko, 18 urtetik gorakoa izan behar da eta, noski, maila honi dagokion ikastaroa gainditu eta gutxienez 40 murgilaldi egindakoa izatea. Itsasoan egiten den aurreneko murgilaldian hasiko zarete, alabaina, urpekaritzaren esperientziaz gozatzen.

Jarraian eskaintzen dizkizuegun telefonoetara deitzen baduzue, ikusiko duzue Donostian ez gaudela urpekaritzan hasteko aukera faltan.

Informazio gehiago:
Gipuzkoako Urpeko Jardueretarako Federazioa
943 47 20 57